partekatu
• KIROL-EKIN
KIROL-EKINek orientazio pertsonalizatua eskainiko du Lasarte-Orian jarduera fisikoa eta kirola egiteko
Zerbitzuak informazioa, aholkularitza eta laguntza pertsonalizatua eskainiko dizkie jarduera fisikoa egiten hasteko edo eskura dituzten kirol-baliabideetara jotzeko laguntza behar duten pertsonei.
Lasarte-Oriako Udalak KIROL-EKIN jarri du martxan, jarduera fisikorako eta kirolerako orientazio-zerbitzu berria. Herritarrei kirola egiteko aukerak erraztea du helburu, bereziki horrelako jardueretan parte hartzeko zailtasunak dituzten pertsonei.
KIROL-EKINen helburua erreferentziazko gune bat eskaintzea da jarduera fisikoa egin edo kirolen bat praktikatu nahi duten baina nondik hasi, zer aukera dituzten edo beren beharretara zein baliabide egokitzen diren ez dakiten pertsonentzat.
Arreta indibidualizatuaren bidez, zerbitzuak pertsona bakoitzaren egoera ezagutzeko, haren beharrak identifikatzeko eta inguruan eskuragarri dauden aukerei buruzko informazioa eta orientazioa eskaintzeko aukera emango du.
KIROL-EKIN informazio- eta orientazio-zerbitzu gisa sortu da, jarduera fisikoa egiten hasteko edo beren egoerara egokitutako kirol-baliabideak aurkitzeko laguntza behar duten pertsonei zuzenduta. Arreta pertsonalizatua eskainiko da, pertsona bakoitzaren egoera ezagutzeko eta eskuragarri dauden aukeren artean egokienetara bideratzeko.
Pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako zerbitzua
KIROL-EKIN Lasarte-Oriako herritar guztiei zuzenduta dago, eta arreta berezia eskainiko die jarduera fisikoa eta kirola egiteko oztopoak edota zailtasunak izan ditzaketen pertsonei, hala nola desgaitasuna duten pertsonei, mendekotasun-egoeran daudenei, migratutako pertsonei edo kirol-jardueretan parte hartzeko bestelako zailtasunak dituztenei.
Zerbitzua herriko kirol-klub eta -elkarteentzat ere zabalik egongo da, beren ohiko jardueretan behar espezifikoak dituzten pertsonen parte-hartzea errazteko orientazioa edo laguntza behar badute.
Arreta hainbat fasetan antolatuko da. Lehenik eta behin, interesa duen pertsonari entzungo zaio, haren egoera eta beharrak ezagutzeko. Ondoren, eskuragarri dauden aukerei buruzko informazioa helaraziko zaio eta, beharrezkoa denean, haren egoerara egokitutako helburuak eta hurrengo urratsak zehaztuko dira.
Gainera, KIROL-EKINek pertsona bakoitzaren beharretara hobekien egokitzen diren baliabide eta erakundeekin harremanetan jartzea erraztuko du, baita prozesuaren jarraipena egin ere, jarduera fisikoan hasteko bidean laguntza eskaintzeko.
Nola erabili KIROL-EKIN zerbitzua
KIROL-EKIN zerbitzua erabili nahi duten pertsonek kirolak@lasarte-oria.eus helbidera idatzi, 943 37 61 82 telefono-zenbakira deitu edo udal kiroldegira joan beharko dute, harremanetarako datuak emanez.
Eskaera jaso ondoren, Udaleko kirol saila pertsona bakoitzarekin harremanetan jarriko da lehen hitzordua adosteko eta banakako arreta- eta aholkularitza-prozesuari ekiteko.
Orientazio-saioak astearte eta ostegunetan eskainiko dira, 15:00etatik 19:00etara, aldez aurretik hitzordua adostuta.
Lehen saioan, pertsona bakoitzaren egoera, beharrak eta interesak ezagutuko dira, eta bere egoerara hobekien egokitzen diren jarduera fisikoei eta kirol-baliabideei buruzko informazioa eta orientazioa eskainiko zaizkio.
Arreta malgua eta pertsonalizatua izango da, zalantzak argitzeko eta informazioa emateko ez ezik, jarduera fisikoa egiten hasteko edo horri eusteko laguntza gehigarria behar duten pertsonei laguntzeko ere.
KIROL-EKIN martxan jarrita, Lasarte-Oriako Udalak informazio- eta orientazio-baliabide berri bat eskainiko du, herritarrek dauden aukerak ezagutu eta beren beharretara egokitutako jarduera fisikoa eta kirol-jarduerak aurki ditzaten.
Inguruko baliabideekin koordinazioa
Zerbitzuaren alderdi garrantzitsuetako bat herrian eta inguruan dauden baliabideekin koordinatzea izango da.
Horretarako, KIROL-EKINek lankidetza-bideak ezarri nahi ditu udal-zerbitzuekin, Gizarte Zerbitzuekin, elkarteekin, kirol-klubekin eta beste erakunde batzuekin, hala nola Osakidetzarekin, Lanbiderekin edo Gipuzkoako Foru Aldundiarekin.
Koordinazio horri esker, pertsona bakoitza bere beharretara hobekien egokitzen diren baliabideetara bideratu ahal izango da, eta eskuragarri dauden jarduera eta zerbitzuetara iristea erraztuko da.