partekatu
• UDAZKENEKO FESTA
Aterpeak Udazkeneko Festaren edizio berri batekin emango dio ongietorria udazkenari Lasarte-Orian
Kanpaina urriaren 13tik 25era egingo da, eta guztira 1.250 euro zozketatuko dira erosketa txarteletan, baita jai egun nagusia urriaren 24an ere. Ekimenak Lasarte-Oriako Udalaren babesa du eta tokiko merkataritza zein ostalaritza dinamizatzea eta kaleak jardueraz betetzea du helburu.
Aterpea merkatarien eta ostalarien elkarteak 2026ko Udazkeneko Festa aurkeztu du gaur. Ekimen horren bitartez, udazkenari ongietorria ematearen aitzakian, herriko establezimenduak lasarteoriatarrengana hurbildu nahi ditu, kaleetan giroa sortuz eta tokiko merkataritzaren, aisialdiaren eta komunitate-bizitzaren arteko lotura indartuz.
Hala jakinarazi da gaur goizean, kanpainaren arkezpen prentsaurrekoan. Bertan parte hartu dute Aterpea-ko lehendakariak, Mabel Pedreirak eta Nuria Fernández Lasarte-Oriako Udaleko Sozioekonomia arloko zinegotziak. Kanpainak Lasarte-Oriako Udalaren babesa du, eta tokiko merkataritza zein ostalaritza dinamizatzeko, establezimenduak herritarrengana hurbiltzeko eta udalerriko kaleetan jarduera sortzeko helburua du.
"Udalak tokiko merkataritza zein ostalaritza indartzen eta gure kaleak bizirik mantentzen lagunduko duten ekimenak babesten jarraitu nahi du. Udazkeneko Festak bi alderdi horiek uztartzen ditu: udalerriko establezimenduetan erostera animatzen du eta, aldi berean, Lasarte-Oriaz gozatzeko topaguneak eta bizikidetza guneak sortzen ditu", adierazi du Nuria Fernandez Sozioekonomiako zinegotziak.
Kanpaina urriaren 13tik 25era garatuko da eta denbora horretan ekimen honetara atxikitako establezimenduetan kontsumitzen duten pertsonek, 1.250 euroko erosketa-txartelen zozketan parte hartu ahal izango dute. Zozketa horretan 500 euroko sari bat eta 250 euroko hiru sari banatuko dira. Txartelak establezimendu parte-hartzaileetan kontsumitu beharko dira bere osotasunean, tokiko merkataritzari eta ostalaritzari ematen zaion laguntza indartuz eta udalerriko negozioei kanpainaren eragin ekonomikoa itzuliz.
Kanpainaren hitzordu nagusietako bat, gainera, urriaren 24a izango da, larunbata. Egun horretan, udalerriko hainbat establezimenduk programazio berezia garatuko dute gastronomia, musika, dantza eta haurrentzako jarduerak uztartuz.
Hala, egunean zehar, txikienek jolasak izango dituzte Amali Jolasdendan, eta Arkupe Taberna eta Andatza Taberna establezimenduek dantza, zumba, musika akustikoa, kontzertuak eta DJ saioak eskainiko dituzte. Gastronomiak ere pisu handia izango du: bermuak, urdaiazpiko ebakitzailea eta babarrun jana Oria-Txiki Tabernan. Bestalde, Buenetxea Kafe-Tabernak udazkeneko azoka txiki bat antolatuko du musikaz lagunduta.
Gainera, Aterpea ere zuzenean batuko da programaziora, txistorrada herrikoi batekin, musikaz lagunduta, urriaren 24an, 18:00etatik 20:00etara.
Aterpeako lehendakariak kanpainaren izaera parte-hartzailea azpimarratu du: "Udazkeneko Festa kanpaina komertziala baino askoz gehiago izatea nahi dugu. Establezimendu bakoitzak bere proposamena egiten du eta, guztion artean, giroa sortzea, gure negozioak herritarrei hurbiltzea eta tokiko merkataritza eta ostalaritza ere udalerriko bizitzaren funtsezko zati direla erakustea lortzen dugu".
Amaitzeko, Lasarte-Oriako Udalak eta Aterpeak kalera irten eta kanpainan parte hartzen duten establezimenduetara hurbiltzera, programatutako jarduerez gozatzera eta zozketan parte hartzera animatzen dituzte herritarrak, horrela udazkeneko aste hauetan tokiko merkataritzari eta ostalaritzari ematen zaion laguntza indartuz.